XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aita Inza euskalzaina 100 urtetan hil zaiku

Joan den irailaren 22 an Iruñean hil izan da Damaso Olasagarre, Intza herriko seme eta horren gatik Aita Intza deitzen zuten aita kaputxinoa.

Nafarroako hiri nagusian kaputxinoek duten San Antonio-ren eliza handian eman diote biharamunean ehortzetako meza.

Kaputxin buruzagi eta lagunez bestalde hor ziren meza-emaile edo entzule ahaide, adixkide eta euskaltzainkiden artean, Zabaltza Bikario nagusia, Villasante euskaltzainburua, aita Ondarra, aita Satrustegi, Juan San Martin, Endrike Knor, Piarres Charritton, Pello Salaburu, Jose Luis Lizundia, euskaltzaindikoak eta hil-berria ukana zuten beste asko.

Otoitzak, kantuak ala mintzaldiak Kaputxinen buruzagiarena, aita Villasanterena eta aita Satrustegi-rena izan dira kartsu eta baketsu, gaiari zohakion bezala, ezen aspaldian mainguturik, ezindurik, itsuturik nahiz bere bizian zerbait ikusirik eta erabilirik otoitzean eta bakean urri honen 17 an ehun urte betetzekoak zituen aita Inza Euskalzaindiko zaharrena.

Aita kaputxinoa

1886 eko urriaren 19an, Nafarroa eta Gipuzkoa-ko mugari hurbil dagon Betelu aldeko Intza herriñoan sortua, bi urte zituelarik Madotz herrira aldatu zen Damaso tipia eta han handitu.

Apezteko gogoa erakutsirik Iruñeako seminarioan sartu zen 1900 ean eta laster, 1902 ko udan, kaputxinoen komenturat iragan.

Horrela zen kaputxinoetan apeztu 1910 ean, Iruñean berean.

Iruñeako komentutik, 25 urtez sekulako lanak erabili zituen fraile gazteak, bereziki predikari bezala Nafarroako euskal herrietan, bai eta euskal ikerle eta idazle bezala ere.

Hilabete guziz kaputxinen komentutik ateratzen baitzen lehenik: Heren-ordenakoen aldizkaria eta gero Zeruko Argia, berriketari aipatua, aita Intza izan zen horko idazle jarraikiena eta ugariena.

Ez zen beraz nehor harritu Nafarroan Euskaltzaindiak 1920 ean bere uztaileko bilkuran aita Damaso Intza-koa euskaltzain izendatu zuelarik.

Hemen gaindi ere Etchepare jaun medikuak Eskualduna kazetan aipatu zuen ondoko urtean euskaltzain gazte, zuhur, xume, langile ta kartsuak Elizondon eman zuen sarrerako hitzaldia eta Erramun Olabidek egin zion ihardespena.

32 urte Chilen

Orduz geroz, Mateo Mugica Iruñeako apezpikuak agindurik, argitaratu zuen Nafarroakotzat euskarazko katixima liburu berria (1924).

Bere burutarik aldiz Iruñean sortu zuen Euskeraren Adixkideak izeneko elkartea, gure eskualdetan Euskalzaleen Biltzarrak zeraman bezalatsuko lana egiten hasi zena, eskoletako haurren euskara lanak sariztatuz.

Zorigaitzez etorri ziren 1936 eko egun ilunak.

Euskararen eta Euskal Herriaren etsaiak laster nafarroaz jabetzen ikusi zituen aita Damasok.

Hiltzeko orenean lagundu ere behar izan zituen, Altsasuko mendietan, Franco eta Mola-ren gizonek zertako ez erran, hala baitzen, eliza-gizon zenbaitek sustaturik tirokatzen zituzten abertzaleak.

Eta gero aita Donostia, aita Olazaran, aita Riezu eta beste zenbait dotzena kaputxino, jesuita, fraile edo apez bezala, aita Damaso Intza-koa ere Erromako manuen arabera desterrurat igorriak izan ziren, bakearen eta fedearen izenean.